martes, 28 de febrero de 2012

Ideología politica propia.


2012. urtea. Bost mende 1512an espainiar armadak gure estatuaren bihotza okupatu zuenetik. Urtemuga borobil-borobila.
Entzun eta irakurriko ditugu gertakari haren inguruko hainbat errelatu eta artikulu. Baina gertaera historikoaren inguruko ideia nahiko zuzena eduki dezakegun arren, susmoa dut egungo egoeran izan zuen eraginaz eta batez ere, egoera horri buelta emateko bideaz ezer gutxi dakigula.

Inork azaldu diezadake 1512 hartatik pasa diren 500 urte hauetan noiz utzi zion Espainiak gure herriarekiko estatu okupatzaile bat izateari? Noiz pasa zen sasi demokrazia /  demokrazia defizitario / gureak diren eskumenak transferitzen ez dituen estatu / gure herritarren aurka tortura erabiltzen duen estatu / gure eskubideak zibilak aitortzen ez dituen estatu / …nahi adina adjektibo ezkorrez apainduriko estatu, baina azken finean gurea bezala aitortzen dugun estatu bat izatera? Noiz eman zen momentu magiko hori? Noiz azaldu du gure herriak beste herri horretako parte izateko nahia?  Nik dakidala inoiz ez! Beraz, bada garaia behingoz gauzei bere izenez deitzen hastekoa. Espainia biolentziaren bitartez gure estatua bahiturik mantentzen duen estatu inperialista bat da.

  Bost mende pasako ziren bai, belaunaldi pila bat, baina egoera hori ez da inoiz aldatu. Lehen aipatu ditudan eta egunero “gure politikoen“ ahotan entzun ditzakegun definizio horiek denek, okupazio egoera bat estaltzen dute, arazoa askoz txikiagoa balitz bezala tratatuz. Estatu batek zurea konkistatu duenean, zure erakundeak suntsitu eta bereak inposatzen dizkizunean, eta bere indar militarrak bertan mantentzen dituenean, arazoa, Estatu okupatzaile baten eta okupatuta dagoen beste Estatu baten artekoa da. Beste termino batzuk erabiliz, elkarbizitza demokratiko baketsu bat lortu nahi izatea, arazo hori mozorrotzea besterik ez da.
Estatu inperialista bat, eta estatu inperialista horrek biolentziaren bidez lortu eta biolentziaren bitartez mantentzen duen okupazio egoera bat ditugu beraz muturren aurrean.
Baina nork du estatu inperialista hori aurrean? Nortzuk gara gure herria? Hara hor gure beste gabezia ideologiko garrantzitsu bat isladatzen duen galdera. Inork zalantzarik izango al luke 1513an nor zen gure herrikoa eta nor ez bereizteko? Konkistatzaileek eurek idatzita utzi bezela “herriak erre ziren, ehunka nafarrek alde egin zuen, emakumeak bortxatu zituzten, ondasunak konfiskatu zituzten, erbesteratzeak izan ziren, exekuzioak …”. 
Euskaldunon odola erruz isuri ostean sartu ziren haiek gutartzat hartuko al zituzten gure arbasoek, lurralde honetan bertan bizi edo lan egite hutsagatik? Inork izango zuen zalantzarik? Ez dut uste…
Hemen ere badut erantzunik aurkitzen ez diodan beste galdera bat. Noiz pasa ziren bada gure artera etorritako espainiar haiek “sentsibilitate politiko desberdineko euskaldunak” izatera? Noiz traidoreak “desberdin pentsatzen duten euskaldunak” izatera? Noiz pasa ginen gutar bezala errekonozitzera gure herriaren existentzia bera ukatzen duten horiek? Nik dakidala inoiz ez! Gure herrian sentsibilitate politiko desberdinak daudela esatea, bizi garen lur eremu honetan bi herri, bata okupatzailea eta bestea okupatu daudela ukatzea da.
Aurreko bi kontzeptuak argi ditugun egunean asko izango dugu irabazia. Arerioa nor eta nolakoa den konturatutakoan soilik izan baigaitezke gai gure herria bere estatu propioa berreskuratze bidean jartzeko.
Tamalez, noraeza da azkenengo mendetan egin dugun ibilbide politikoaren ezaugarri nagusia. Nola jarriko dugu bada martxan estrategia egoki bat arazoaren diagnosian huts egiten badugu?
Estatu okupatzaileek “erabakitzeko eskubidea” aitortzea, hori omen da gure arazo guztien irtenbidea. Zorionez bada kontrakoa pentsatu eta zergatia azaltzen duenik:
Instituzionalista armadunek eta armagabeek exijitzen duten “erabakitzeko eskubidea” deiturikoa ez da herri guztien autodeterminazio-eskubidea —gauza bera esateko baina izen “argiago” batekin—, bere erabateko desustantzializazioa baizik. Herrien autodeterminaziorako nazioarteko eskubidearen sabotajea da, ­inperialismoaren errealitatearen ukazioa­, alferrikako ahaleginean, erregimen menderatzailearen onginahia eta homologazioa lortu nahi dituen proiektu onargarri, bateragarri, berreskuragarri eta asimilagarri bat “Estatua” deitzen duten horrentzat, hau da, kolaborazionistek eta konplizeek beraiena balitz bezala errekonozitzen duten Estatuarentzat. Ondorio praktikoak nekez puztu daitezke: jatorri ezezaguna, ilundua edo faltsutua duen eskubide bat ezin da estrategikoki prozesatu.