Nafarroaren Konkistaren V.
mendeurrena eztarriaren kontrako zulotik joan zaio bati baino gehiagori, ez bakarrik
nafar-espainiartasun defendatzaileei, baita independentziaren aldeko-edo
zenbait pentsalariri ere.
Ados gara gehienok, Nafarroako
Komunitate Foraleko agintariak barne, 1512ko errelato historikoa egiteko
borroka konkista ez legitimoaren aldeko bertsioak irabazi duela. Ulertzekoa da,
beraz, haiek lehenbailehen estalkia bota eta beste kontuetara pasa gaitezen
presa izatea.
Presa hori ez da hain
ulergarria garaipena lortzen inplikatu diren hainbatek gaia berehala itxi nahi
dutenean: beno, ya está, eta orain pasa gaitezen garrantzi handiagoko gauzetara, oraingotik
etorkizuna lantzera, esaten dute. Manifestaldi handi bat egin genuen eta kitto.
Irabazi dugu.
Epe laburreko memoria historikoa
izatea eta egunean eguneko erronkei erantzuten aritzea beti, nekagarria da eta
errentagarritasun politiko gutxi du; politika, herri honen subiranotasuna eta
Europan izan genuen Estatua berreskuratzeko epe ertain edo luzeko tresna moduan
ulertzen badugu behintzat.
Politikak eta herrigintzak
gizartea kohesionatu egin beharko lukete, helburu politikoen lorpenean
hegemonia landu, gizartearen hegemonia alegia. Nafarroa Garaiaren inbasioaren,
hau da, lurraldearen azkenaurreko konkistaren inguruan egindako mobilizazioak
hori lortu duen ala ez baloratu beharko litzateke. Gogoeta egin eta
eskarmentutik ikasi, ez “bukatu da” eta orain goazen beste zerbaitera.
Estatua dutenek ongi
dakite, eta Estatua berreraiki nahi dutenek jakin beharko lukete, Historia ez
dela politikoki neutroa. Haiek hori ezin hobeki erakutsi ziguten Bianako
printzearen prebenda-banaketaren egunean, Espainiarren ordezkari gorenetako bat
ekarri baitzuten gaztelaniaz zera esateko: "hace
ahora 500 años que Navarra continuó el destino hispánico que siempre estuvo
desde antiguo".
Gertakari hura konkista
izan zela gizartean finkatzeko egin den lana txalotu dute askok. Batetik, historiaren
aztarnetan begiratu eta bidegabekeria arrazoitzea; eta bestetik, gizarteratzeko
“Martxa Nazionala” bezalako mobilizazioa sustatzea, erabakigarria izan dela ere
gehienon adostasuna bildu du. Horiez guztiez gain, Nabarralde eta Nafarroa
Bizirik tandenaren funtzionamendua eredugarria izan dela iruditu zaigu beste
zenbaiti.
2012ko ekaineko Martxa
Nazionala amorruz ikusi zuten espainiarzaleek, eta ezustean harrapatu abertzale
asko. Ez zen ohiko manifestazioa izan. Estetika ezberdina izateaz gain, ordura
arte egindako biltzarrek izan ez duten, batasun (?), tankera adierazi baitzuen.
Aberri eguna, euskararen aldeko aldarriak, preso politikoak gogoan eta beste
zenbait agerraldi egin dira Iruñean, baina hau izan da azken hamarkadan, herri
bezala mugarria izan dugun gertaera historikoa medio, anitz
koloreko jendea kalera eraman duen bakarra.
Nola ez dugu kontuan
hartuko, bada, gure herriaren memoria historikoa kohesioa eta batasuna ematen
digun eragiletako bat dela; gizartean estatu propioaren helburua lortzeko
hegemoniarako beharrezkoa dela; elkarrekin dugun historian lurraldearen
osotasuna hobeto irudikatzen dela; mobilizazioaren akuilua dela; etorkizunerako
bide-orriaren argibidea dela eta horretan sakontzea gure kalterako ez, baizik
eta onerako dela.
Beñi Agirre
Euskara irakaslea